XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kamera ezkutua

Batxilerra ikasten ari nintzen garaian izan zela uste dut.

Goiz batez ohetik jaiki, makarrak kendu, eta esnatu asmoz, garbitzen eta freskatzen ari nintzela... ispiluan aurpegi hura ikusi (hura aurpegia!) eta etekina atera behar niola erabaki nuen. Belarri haiek, betaurreko haiek (miope power!) ezin ziren alferrik galtzen utzi. Ez nuen garbi imajinatzen nola, baina begitarte harek nire bizitzaren norabidea alda zezakeela sumatu nuen.

Handik aurrera, komuneko ispilua kamera ezkutua bilakatu zen. Baita kotxeko erretrobisorea ere; semaforo gorrien aurrean geldirik, nire kotxearen aldamenean egokitzen ziren gidarien harridurarako.

Ez dirudi ispilu aurreko entsaio ordu guzti haiek erabat alferrekoak izan direnik, baina hala ere, estutasun ederrak pasata gero hartu diegu tamaina benetako kamerei.

Gogoan dut, hainbat elkarte eta euskaltegitan txiste batzuk kontatu nituelako, nola deitu zidaten lehen aldiz telebistara joan nendin. Hantxe azaldu ginen, batere telebisiboa ez zen itxura alproja batekin eta ezjakintasunak eskaintzen duen adorez.

Lehen agerpen haren ondoren, telebistan berriro jarduteko gonbitea jaso nuenean, garbi neukan zer esan behar nuen: ni ez nintzen sekula aritu antzerkian, nire burua ez nuen ikusten telebistan aktore gisa, beldurra nien kamerei,... erantzuna beraz, pentsatu beharrik ere ez neukan: Bai! Eta horixe izan zen, geroztik burututako lan guztiei atea zabaldu zien giltza: Ez esan behar, eta bai irtena.